![]() |
Ez dago ezer hoberik ongi pasatuz ikastea baino!
Amaierako produktua nahi bezala pertsonalizatzeko aukera eskaintzen du:
-Hasteko eta behin, pertsonaia eta hondoa aukera ditzakegu. Pertsonaia hori politikaria, ospetsua, animalia… izan daiteke, arropaz aldatzeko aukera ere badu eta hondoa tresnak berak eskainitakoren bat edo internetetik jaitsitakoren bat izan daiteke. Azalaren kolorea alda dezakegu, baita ilearena, begiena… ere.
-Ondoren mezu bat idatziko dugu, baina norberak grabatutako edo internetetik jaitsitako ahotsa ere sar daiteke.
-Pertsonaia sortu ondoren, idatzitako edo grabatutako mezua entzungo da voki-aren gainean klikatzen dugun bakoitzean.
Robotaren azentua oso ona da normalean, erabiltzen den hizkuntzaren araberakoa. Ohikoenak (ingelesa, frantsesa, gaztelera, alemana, italiera…), exotikoenak (hindua, daniera, koreera, islandiera…) zein gertuko hizkuntzak menperatzen ditu: euskara, katalana, galiziera eta valentziera. Eta aukeratutako pertsonaiaren arabera, era bateko edo besteko azentua izango du; ingelesak, esaterako, azentu ezberdinak ditu: britainiarra, amerikarra, australiarra…
IKASGELETAN ERABILTZEKO MODUKO APLIKAZIOA DA
Ikasgelako orrian sartzeko, posta bidez bidaltzeko eta beste hainbat kasutarako sor daitezke “voki-ak”, norberak nahi bezala pertsonalizatuta. Hartara, oso garrantzitsua den komunikazio-faktorea lantzeko aukera eskainiko digu. Hala ere, ez dugu ahaztu behar MAKINA batek sortutako ahozko testua dela; hizkuntza batzuek nahiko ahoskera erreala dute eta aukera ematen digute, besteak beste, hizkuntzen irakaskuntzan erabiltzeko.
Aplikazio honekin burutzeko jarduera hauek etorri zaizkigu burura:
- Zorion mezuak: Gabonak, San Valentin, urtebetetzeak, etab.
- Aurkezpen pertsonalak: nor naizen, zenbat urte ditudan, non bizi naizen, zer gustatzen zaidan egitea, etab. Faktore komunikatiboa eta ludikoa izan dezake aspergarria izan daitekeen jarduera batek, batez ere norberaren hizkuntza propioa denean.
- Erantzun mezuak (norbaitek bidalitako “vokia” jasotzen den kasuetarako): voki-aren azpian bada botoi bat mezu bat uzteko, jasotako avatar-aren eredu bera erabilita.
- Testuen eraikuntza: Esaten dena ahalik eta ondoen idazten ikasteko metodo aproposa ere izan daiteke. Izan ere, eta esaterako, hizketaldi batean etenak falta badira (komak, puntuak), entonazioa ezberdina izango da eta ikasleek aukera izango dute testuan zer falta den, zer aldatu behar den edo zer zuzendu behar den ikusteko.
- Eztabaidak: "voki" bat beste baten aurrean, gai baten inguruko iritzi ezberdinak emanez.
- Abeslarien casting-a: ikasleek beren ahotsa graba dezakete kantuan, gero "voki" batean sartzeko. Ondoren, bozketa egin dezakete abeslaririk onena aukeratzeko. Pertsonaia bat sortu eta mikrofonoa erabil daiteke (edo ordenagailutik igo abesti bat), abeslariak abes dezan.
- Elkarrizketak:
- Bata elkarrizketak egiten dituena izan daiteke, eta bestea bere galderei erantzuten diena.
- Hainbat galdera eta erantzunekin sor daiteke elkarrizketa.
- Gai baten inguruko galdeketa egin daiteke: galdera bat luzatu eta hainbat erabiltzaileren erantzunak jaso daitezke.
- Ipuinak, pertsonaia baten ahotik: ikasleek "voki" bat sor dezakete, bertako avatar-a ipuineko pertsonaia izan daitekeelarik. Ikasleek asmatutako edo jadanik ezaguna den ipuin bateko narratzailea izango da bera.
- Gai baten inguruko laburpena: guztien artean sor dezakete testua ikasgelan. Ondoren, avatar-a sortu eta ikasgelako orrialdera igo dezakete. Hartara, guztiek izan dezakete eskura, era dibertigarri batean, ikasturtean zehar ikasitakoa.
Voki, bestalde, aparteko aplikazioa izan daiteke hizkuntza-trebetasunak lantzeko:
- Mezua testu moduan sartzea erabakitzen bada, gramatika, hiztegia, testuen eraikuntza, esaldiaren ordena… landu daitezke. Voki-a egiten duenak, idazketa eta gramatika puntuak landuko ditu, eta voki-a jasotzen duenak, berriz, entzumena, eta baita ahoskera ere (zeharka bada ere).
- Mikrofono bidez testua grabatzea erabakitzen bada, esango den diskurtsoa sortzeaz gain, hizketa landuko da. Irakasleak, beraz, ahots erregistro bat izan dezake, ebaluaketarako erabilgarria izango zaiona.
- Zailak iruditzen zaizkigun hitzak ahoskatzen ikasteko tresna lagungarria ere izan daiteke.


No hay comentarios:
Publicar un comentario