Ez da lehendabiziko aldia Schank-i egindako elkarrizketa baten aurrean jartzen naizela. Zorionez, berak idatzitako artikulu bat baino gehiago irakurri izan dut, eta plazer bat da gizon prestu horren hitzak irakurtzea; nire gusturako, hala ere, muturreko konponbideak ematen ditu askotan.
Irakurri berri dudan elkarrizketa honetan, Schank-ek aldarrikatzen duen gehiengoarekin bat nator; ez dut uste, ordea, arazoari aurre egiteko konponbiderik bidezkoenak ematen dituenik.
Bada garaia betiko eskola formal eta teorizatuen herentziari uko egin eta hezkuntza-sistema askeago eta praktikoago baten aldeko apustua egiteko!
Eskoletan, ohikoa den bezala, liburuko teoria azaltzen du irakasleak, ikasleok irakasleak esandakoari entzuten diogu eta esandako hori guztia memorian gorde behar izaten dugu ondoren azterketa bakar eta miserable batek ebalua dezan gure "ezagutza". Horra hor urtetik urtera aldatzen ez den antzerkia...
Eskolak ez luke horretarako antzoki izan beharko, ez. Eskolak norberaren trebeziak garatzeko eta jende artean ahalik eta modu egokienean bizitzen ikasteko toki bihurtu behar ditugu. Hezkuntzak interesgarria izan behar du, entretenigarria, eraginkorra, eta, horretarako, ikasleentzako esanguratsuak diren osagaiak bildu behar dira, ikasleek ikasten jarraitzeko motibazioa izan dezaten.
Baina horrek ez du esan nahi eskolak desagertu behar ditugunik, ez horixe. Eskolek errotik aldatu behar dute beren egitekoa, XXI. mendeari eta etorkizunari begira dituzten erronkei aurre egiteko estrategiak eta gaitasunak garatu behar dituzte, eta, azken batean, erakunde sozial berri bat eraiki behar dute.
Egun hain modan dauden teknologia eta formula berriek ere (ordenagailuak eta Internet, besteak beste) ez dut uste hain gaizki bideratutako hezkuntza alda dezaketenik, hau da, ez dira arazoa konpontzeko ezinbestekoak. Izan ere, zer eta nola irakatsi erabakitzean dago gakoa.

No hay comentarios:
Publicar un comentario