Gaurko gizartean pil-pilean dagoen gaia da Eskola 2.0 plangintza; izan ere, Ikastetxeetako ikasgela gero eta gehiago ditugu digitalizaturik, ESKOLA 2.0 gero eta hedatuago dago hezkuntzan.
Beraz, laster irakasle-lanetan jardungo dugun aldetik, gure mesedetarako da proiektu berritzaile hau barnetik ezagutzea eta horren inguruan dugun irudipena azaleratzea, kritikoak izan behar baikara hezkuntzan egiten den edozein aldaketaren aurrean, beti dago-eta zer aldatu eta zer hobetu.
Aldaketa guztien antzera, proiektu honek ere badakartza bere alde on eta txarrak. Argi dago, ikasgeletako metodologia tradizionala goitik behera aldatu duela plangintza berri honek eta askoz ere dinamikoagoa, sozialagoa eta motibagarriagoa dela gaur egun sartzen ari den metodologia. Horrela ikusita, proiektu aberatsa dirudi, emaitza onak ekar ditzakeen proiektua.
Dena dela, aldaketak ez dira sekula hain errazak izan, eta ez dira besterik gabe ematen, lan handia dago atzetik. Kasu honetan, goitik behera aldatu beharko litzateke gelako metodologia, bai irakasleena eta baita ikasleena ere, gaurko egoerara egokitutako metodologia on bat sortzean dago gakoa. Baina ikastetxe zein irakasle asko ez daude horretarako prest, eta, irakasleen ganorazko lankidetzarik gabe, ez da behar bezalako aldaketarik emango, hezkuntzak ez du hobera egingo eta proiektuak berak ez du ezertarako balioko.
Eskola 2.0 proiektuaren garrantzia dela eta, badira irakasleei zuzendutako makina bat ikastaro abian, aldaketara egokitzeko lagungarriak izan daitezkeenak. Irakasle askok, ordea, ez dute ezer jakin nahi, eroso bizi nahi dute, patxadaz.
Izan gaitezen zentzudunak eta zabal diezazkiogun ateak gaurko egoerara egokitutako metodologiari; jarrai dezagun trebatzen, ikasten, bide berrien bila… Saiatzen ez bagara, sekula ez dugu lortuko hain zaharkituta dagoen hezkuntza erro-errotik aldatzea. Guzti-guztiok ekarri behar dugu gure harri-koskorra, ez bakar batzuek bakarrik.

No hay comentarios:
Publicar un comentario